martes, 28 de abril de 2009

Ura da gure laguna

Ezin dut ahaztu nola ezagutu nuen Ura. Oso txikia nintzen, udako eguna zen eta nire gurasoek hondartzara eraman ninduten. Lehen aldiz harea zapaldu nuenean izugarri gustatu zitzaidan eta jolasten aritu nintzen goiz guztia. Orduan joateko unea heldu zen eta amak, uretan sartu ninduen. Une hori izan zen Ura ezagutu nuenean. Oso hotz zegoen baina oso gustura sentitu nintzen. Amak, hare guztia kendu zidan eta soinekoa jarri etxera joateko. Orduantxe izan zen Ura eta ni lagunak izaten hasi ginen momentua.
Hazi egin nintzen eta hain gustuko nuen uretan egotea eta berarekin egotea, ezen klasetik irten eta segituan igerilekura joaten hasi bainintzen. Bertan oso ondo pasatzen nuen. Beste mundu baten bizi nintzela zirudien bertan egoten nintzenean. Berarekin hitz egiten nuen eta berak ere hitz egiten zidan.
Oso egoera arraroa zen, konturatzen hasi nintzen gauza guztietarako, bai eta bizitzeko oso beharrezkoa zela ura, eta jende ugarik txarto erabiltzen zuela. Orduan, Urak laguntza eskatu zidan.
Hurrengo egunean, lanean hasi nintzen. Interneten bidez, iragarkiak bidali nituen aldizkari eta egunkari guztietara eta baita telebistara ere. Baina nire harridurarako, Enpresa garrantzitsuenetariko batek deitu zidan. Ezin nuen sinetsi, haientzat lan egitea eskatu zidaten, ni oraindik ikasten ari nintzela esan nien baina esan zidaten ez zuela axola eta arratsaldeetan haien eraikinera hurbiltzea eskatu zidaten.
Oso urduri nengoen, ez nekien zer esan ezta zelan jokatu, baina gauza bat argi nuen, Ura lagundu behar nuen.
Arratsaldean amarekin abiatu nintzen eraikinera eta bertan gizon batzuk aurkitu nituen irribarre batekin ahoan. Oso dirudunak ziruditen. Harrigarria zen, ez nuen inoiz hainbeste jende batera lan egiten ikusi. Bat-batean, gizonak amarekin hitz egitera etorri ziren. Ni haientzat iragarki baten irudia izatea nahi zuten eta horrez gain haientzat lan egitea!
Ama harrituta gelditu zen, gu ez ginen diru askoko familia eta dirudienez, gizon horiek eskaintzen zidaten diru kopurua oso altua zen. Amak nirekin hitz egin zuen ezer ontzat eman baino aurretik. Ni ados nengoen guztiarekin eta are gehiago Urari laguntzeko bazen.


Azkenean, mundu osoko telebistetan agertu nintzen ura behar bezala erabili behar zela esaten eta nola ez, Urari eskerrak emanez, beragatik izango ez balitz ez nukeelako horrelako lanik aurkituko eta ez nituelako nire gurasoak diru arazoetatik ateratzen lagunduko, eta azkena eta ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, bizitzen laguntzeagatik. Ura denona delako eta denok behar bezala erabili behar dugulako.

0 comentarios: